Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
7.6. Menpekotasun-egoera onartzeko eta sistemako prestazioak esleitzeko prozedura
Oro har, herritarrek prozedura luzea eta konplexua dela pentsatzen dute. Interesdunek ez dute ulertzen menpekotasun-egoeraren onarpenari buruzko ebazpenen edukia; izan ere, ebazpen horietan zerrenda batean jasotzen dira eskuratzeko eskubidea duten hainbat zerbitzu eta prestazio, baina gero ez da egia bihurtzen, dela ondoren egiten den Banakako Arreta Planean (BAP) ez direlako jasotzen, dela AMALen arabera ez dutelako eraginik une horretan, dela azken erabakiaren arabera ez direlako betetzen zerbitzua edo prestazioa emateko exijitzen diren baldintzak.
Gure ustez, prozedura bakar baten bidez egin beharko litzateke; baina, oro har, elkarren segidako hiru prozedurarekin egiten dugu topo:
– Menpekotasun-egoera onartzeko prozedura. Bertan ebazten da zein den menpekotasun-gradua eta maila, eta balorazioari dagozkion eskubideen berri ematen da.
– BAP lantzeko prozedura. Horren bidez, menpekotasun-egoeran dagoen pertsonarentzat egokiak diren prestazioak edota zerbitzuak onesten dira.
– Prezio edo zerbitzu zehatza esleitzeko prozedura.
Horren ondorioz, gure ustez, gehiegizko burokratizazioa eragiten da, eta AMALen aldarrikatzen diren eskubideak benetan baliatzea eta eraginkorrak izatea atzeratzen da.
Arazoa are larriagoa da kontuan hartzen badugu aipatutako bigarren prozeduran (BAPa lantzeko prozeduran) ez dela ezarri Plana lantzeko eperik eta fase hori gainditzea nahitaezkoa dela hurrengoa hasteko: dagokion prestazioa eskatzea, alegia.
Ezarpenaren lehenengo bi urteetan zenbait kasutan izapideak gehiegi atzeratu zirela ikusi dugu. Bizkaian, hasieran kolapsatu egin zela eta denbora joan ahala arazo hori gainditzen joan dela esan genezake. Gipuzkoako Administrazioaren arintasuna gailentzen da menpekotasun-egoeraren onarpenari eta BAPa gauzatzeari dagokienez.
Prestazioen esleipenari dagokionez, egoitzetan eta eguneko zentroetan (neurri txikiagoan) plazak esleitzeko prozesua gainerako prestazioena baino gehiago atzeratzen da; izan ere, izapidea kontuan hartu gabe, eskuragarri dagoen plaza-kopurua da esleipenaren erritmoa zehazten duena.
Badakigu hiru aldundiek ahalegin ikaragarria egin dutela sistema berria ezartzeko, eta, gainera, azpimarratzekoa da izapidea burutzeko pausoak nabarmen laburtu direla; baina, nolanahi ere, gure ustez, menpekotasun-egoera onartzeko eskaera egiten denetik prestazioa edo zerbitzua benetan esleitzen den arte igarotzen den denbora, oro har, behar baino luzeagoa da, kontuan hartzekoa da-eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen zaurgarritasun berezia.
AMALen aipatzen diren zerbitzuen analisia ez da inola ere kontuan hartu azterlan honetan; are gutxiago analisiaren indarraldia Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea garatzeko Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa arautzen duen Dekretuak baldintzatzen duela aintzat hartuz. Hala eta guztiz ere, analizatu ditugun alderdietako batzuek lotura zuzena dute zerbitzu horiekin eta aipatu egin behar ditugu:
– Etxez etxeko laguntza-zerbitzua asko eskatzen da gure erkidegoan, eta ezinbesteko tresna da menpekotasun-egoeran dagoen pertsona bere etxean geratzea ahalbidetzeko. Zerbitzu hau eskaintzeko ordu-kopurua zehazteko, hainbat faktore hartu behar dira kontuan, besteak beste, menpekotasun-egoeran dagoen pertsonaren benetako beharrak zein diren eta sare formalean nahiz informalean zein babes duen. Hortaz, malgutasuna behar du, eta, batzuetan, gutxieneko babes-intentsitateak ezarri izanak eragina izan du malgutasun horren gainean. Bestalde, zerbitzu horren kudeaketan eta haren kalitatearen kontrolean arazo batzuk antzeman dira.
Oinarrizko zerbitzua dela kontuan hartu behar da zerbitzuaren prezio publikoa zehazterakoan, prezio horrek ez diezaion asmoa burutik kendu laguntza behar duen pertsonari.
– FIZPE gainerako zerbitzu eta prestazioen artetik gailentzea hainbat faktoreren ondoriozkoa izan liteke, hala nola: administrazioak ikusten ez zuen errealitate sozial bat azaleratu izana; herritarrei zuzendutako informazio-kanpaina jakin batzuen eraginkortasuna; erraz kudeatzen den eta Administrazioari erlatiboki kostu baxua eragiten dion prestazio bat izatea; dagoen zerbitzu-sarea urria delako ezin zutela-eta zerbitzurik eskuratu, lehenagotik ere zaintza ematen ari ziren familia batzuentzat pizgarri ekonomiko bat dela.
Prestazio hau, kasu jakin batzuetan, oztopo bihurtu da zerbitzuak aukeratzeko; bereziki, zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak bateraezinak direnean edo, bateragarriak izan arren, aplikatutako murrizketek eta onartutako prezio publikoak ia guztiz agortzen dutenean.
Kasuren batean, prestazio horretara jotzeak menpekotasun-egoeran dagoen pertsonak ordura arte erabiltzen zuen zerbitzua uztea ekarri du, edo gizarteratzeko eta laneratzeko eta norbere autonomia sustatzeko ibilbide bat oztopatzea ekarri du, beren prestakuntza bukatzen duten pertsona ezgaituen kasuan. Zentzu horretan, funtsezkoa da gure administrazioak distortsio horiek gerta ez daitezen ahalegintzea.
– 65 urtetik gorako pertsonen kasuan, laguntza teknikoak edo babeserako produktuak eskuratzeko zailtasun jakin batzuk antzeman ditugu.
– Zaindarien atsedenera bideratutako programak, baliabideak eta tresnak ez dira nahikoa eta, batzuetan, adineko pertsonen kolektiboari soilik daude zuzenduta, menpekotasun-egoeran dauden pertsona guztiei zuzendu beharrean.